Aiala ostalaritza eskolaren inaugurazio ofiziala Zarautzen
Ekintza hori urriaren lehen astean gertatuko da eta 2020/2021 ikasturteari hasiera emango dio

AIALA ostalaritza eskolaren sarrera Zarautzen.
Ainara Irurieta eta Goizeder Gavilan
Karlos Argiñano sukaldariaren Aiala ostalaritza eskolak urriaren 6ean hasiko du modu formalean 2020/2021 ikasturtea Zarautzen. Hainbat eskolek COVID-19 gaixotasunak ekarri duen pandemiaren ondorio latzak jasan behar izan dituzte eta klase guztiak presentzialak egitearen ideia baztertu behar izan dute. Argiñanoren ikastetxea ez da salbuespena izan.
Koronabirusak eragindako ondorioak nabariak izan dira Aialaren ikasleentzako. Klase teoriko eta praktikoetan musukoa jartzea derrigortuta daude, baita beste aldaketa batzuetara egokitzea ere. “Jatetxeetan, musukoa eta eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa eraman behar ditugu. Gainera, jatetxeen edukiera murriztu egin da. Orain, jende kopuru gutxiago sartu daiteke eta modu ordenatu batean”, dio Aialako ikaslea den Unai Irurietak.
Aurrez aurreko klaseen garrantzia handitzen joan da hilabete hauetan zehar, eta are gehiago praktikak beharrezkoak izaten diren eskoletan, praktikak esanguratsuak izaten direlako ikaslearen irakaskuntzarako. Irurietak adierazten duenez, klase praktikoetan irakaslea ikasgelaren aurrean sukaldatzen du eta gero ikasleek berak erakutsitakoa egiten saiatzen dira. Ikastetxera pertsona ospetsu batzuk ere joaten dira hitzaldiak ematera eta plater ezberdinak azaltzera.
Aiala eskolaren jatetxe propioa, Anaiak jatetxea, ikasleek zerbitzu bat eskaini ahal duten lekua ere da, praktiketarako lagungarria dena. Irurieta gazteak dio, koronabirusa baino lehen, jatetxean sukaldatzen eta zerbitzua ematen egon zela hilabete asko bere adiskideekin batera. Praktika horiek ere aldaketak jasan dituzte pandemia dela eta.
Nahiz eta albiste txar horiek jaso, poliki-poliki gauzak hoberantz joaten ari dira. Klaseen dinamika normaltasun berrira egokitu da eta ikasgaiak modu presentzialean egitea lortu da. Eskola ehuneko ehunean dago.