
Etika eta morala
Gizakiaren ezaugarririk bereizgarriena bakoitzaren jokabideari dagokio, bai pertsonekiko, baita animaliekiko ere. Baina, jokaera hori berdin mantentzen al da animalien produktuak kontsumitzerako orduan?
Geroz eta pertsona gehiago daude animaliengandik eraetorritako produktuak jateari uko egiten diotenak, eta begetarianismoa edo beganismoak hein handi batetan horretan datza. Erika de Legarra ikasle gaztea duela urte erdi hasi zen begetarianismoa praktikatzen. “Institutuko lagun batek esan zidan beganoa zela. Zergatia azaldu eta dokumental batzuk begiratzeko esan zidan. Dokumentalak ikusi eta gero, animaliek pena handia eman zidaten. Negarrez hasi nintzen. Ez zitzaidan iruditzen hori eragiteko eskubidea nuenik”.
Jon Kareaga zumaiar gazte begano eta ingurune-aktibista da. “Bizi nahi duen izaki bizidun bati bizitzeko eskubidea kentzen ari gara; hor sortzen da nire arrazoi morala beganoa izateko”, dio gazteak.
Egun, mota horietako iritziak gero eta gehiago entzuten dira. Hala ere, beste iritzi batzuk ere gailentzen dira, guztiz ezberdinak direnak. Beñat Senar ikasle eta ehiztariaren esanetan, esaterako, ehizea beharrezkoa da basurdeen eta beste animalien ekosistema kontrolatzeko.