San Sebastian Gastronomikaren urte berezia
Ekitaldia online ospatu da lehen aldiz eta bost eguneko iraupena izan du

Donostia-San Sebastianeko itsasoa, Kursaalaren ondoan.
Ainara Irurieta Septien
San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country 2020 ekitaldia online ospatu da eta urriaren 5etik 9ra iraun du. Munduan ondorio larriak ekartzen ari den koronabirusaren ondorioz oztopo handiak egon dira, baina moldatu ahal izan dira beste alternatibak aurkituz eta ekitaldia arrakastatsua izan da, urtero bezala.
​
2020 urteko goiburua “Bideak-Caminos-Pathways” izan da eta sukaldari askoren hainbat emanaldi eman ahal izan dira, baita zuzenean ikusi ere. Urtero, ekintza asko egiten dira. 2019. urtean zerbitzari bezala parte hartu zuen sukaldaritzako ikaslea Swapna Lahidalgak adierazten duenez, ardo, janari eta elikagaiei buruzko hitzaldiak antolatzen dira, labanak, sukaldaritzarako jantziak eta elikagaiak saltzen dituzten salmenta-postuak daude, eta beste hainbat gauza.
​
Lehengo urtean erabilitako lokalizazioa, Donostiako Kursaalaren auditorioa, alde batera utzi behar izan dute eta modu ez presentzialean egin da ekitaldia. Baina, denak ez dira albiste txarrak izan. Online egitearen ondorioz, ekitaldiaz gozatzeko izen-ematea dohain izan da, eta edozein pertsonak bost egunez gastronomiari buruzko informazioa eduki eta esperientzia bizi ahal izan du.
​
Ekitaldiaren antolakuntza ezberdina izan da, baina ez ezinezkoa. “Online egitearen ideia ona izan da. Nahiz eta modu presentzialean ez egin, publikoak informazio bera jaso du, baina ezin izan dute janaria dastatu. Hala ere, sukaldaritzari buruz ikasi ahal izan dutela pentsatzen dut”, dio Lahidalgak.
​
Profesionaltasun handia dago San Sebastian Gastronomikan, baina haren arrakasta ere publikoari dagokio. Lahidalgak dio, publikorik ez balego, ezin izango litzatekeela janaririk prestatu ezta zerbitzatu ere. Gainera, urte honetan ekitaldiak opari zoragarria egin dio publikoari, izena emateko aukera dohain izan dena.