Bertan behera aurtengo Ataungo mondeju beltzaren tailer eta lehiaketa
Aurten, lehiaketaren XI. edizioa litzateke, baina COVID-19a dela eta, bertan behera geratu da

Lehiaketaren X. edizioan egindako mondejuak.
Leire Perlines Apalategi
Duela urte batzuetatik gaurdaino, Ataungo Jentilbaratza Kultur elkarteak mondejuen tailerrak eskaintzen ditu Pili Barandiaran ataundarraren eskutik. Horrez gain, San Martin auzoko jaietan mondeju lehiaketa ere egin ohi da, eta berak, epaile lanetan jardun ohi du.
Aurtengoa, XI. mondeju lehiaketa izango litzateke, baina koronabirusa dela eta, bertan behera geratu dira San Martin auzoko jaiak, eta ondorioz, baita azaroaren 11n egiten den mondeju lehiaketa ere.
​
“Etxerako nahiz kalerako berdin jarraituko dut mondejuak egiten, behar duenari laguntza eskainiz, baina ikastarorik ez egoteak pena ematen du”, esan du Pili Barandiaranek.
​
2006. urtean hasi zen Jentilbaratza Kultur Elkartea mondejuen ondareari eusteko asmoarekin lehiaketak antolatzen, eta 2015. urtean herritarrentzat ikastaroak eskaintzen. Mondeju beltzaren elaborazioa erakustea, suspertzea eta zabaltzea izan dira elkartearen ardatz nagusiak hasieratik.
​
Lehiaketara, herritarrak bikoteka aurkeztu ohi dira, eta bikoteari ematen zaizkion osagai eta suarekin norberaren mondeju beltza egin behar dute denbora-epe jakin baten barruan. Lehiaketako epaimahaia jatetxeetako sukaldariak eta adituak diren herritarrek osatzen dute, Pili Barandiaran barne.
​
Ikastaroa, jaiak baino apur bat lehenago eskaintzen da, goiz bateko luzera duelarik, San Martin auzoko Aizkoate elkartean, Pili Barandiaranen eskutik.
​
Aurreko urteetako ikastaroei erreparatuz, adin ezberdinetako jendea aurkeztu dela ikus daiteke, baina Barandiaranen hitzetan “ohikoena” etxean mondejuak egiteko ohitura duen jendea aurkeztea da.
​
“Datorren hilabetean 77 urte egingo ditut, beraz generazio berria animatu behar da ekintza hauetara, zuek egiten ez baduzue gurea hemen amaitzen baita”, gaineratu du Pilik.